GAZTELERA NONAHI

Ikastetxean irakasleak apunteak gaztelera hutsean eman dizkit. Eta nik D ereduan ikasten dut. Bizitza osoa daramat euskaraz ikasten, zertara dator orain niri galderatxo hauek gazteleraz irakurraraztea?
Erantzuna sinplea da. Nire gelakide bi atzerritarrak dira, bata Segoviatik etorria eta bestea… ez dakit nongoa den.
Irakasleren batek bileraren batean zerbait esan duela eta hurrengo klaseko apuntetxoak elebietara eman didate, euskaraz eta gaztelaniaz. Baten batek esango luke ongi dagoela, bidezkoa dela, hori dela jorratu beharreko bidea… hala ere berriro esango dut, aspergarria gerta banaiteke ere: Nik D ereduan ikasten dut, bizitza osoa daramat euskaraz ikasten, zertara dator orain niri galderatxo hauek gazteleraz irakurraraztea?
Euskaltzaleok beti eskuzabalak izan gara eta horrek askotan burumakur ibilarazi gaitu. Zerbait esanez gero, gaztelera hutsean idatzitakoa elebidun egiten dute, baina nire hizkuntza txikiagoa , gutxiagoa egiten duen horrek hor darrai, beti present. Ez didate ez euskara-ingeleraz apuntetxoak eskuratzen! Beti gaztelera. Eman diezaietela euskara-gazteleraz ez dakiten horiei, baina niri? Nik D ereduan ikasten dut, bizitza osoa daramat euskaraz ikasten, zertara dator orain niri galderatxo hauek gazteleraz irakurraraztea?
Badira bai inguruan oztopo ugari jartzen jarraitzen dutenak. Eta badira ere oztopo horien aurrean ezer egiten dutenak.
Jakin bezate "gure aitaren etxea defendatuko dugu".

Zabaldu
del.icio.us